XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Norbaitek oihukatu zuen Oi, bedeinkatua bedi Jainkoa!, eta malkoek bete zituzten Gabrielen begiak.

Mutila belauniko jarri zen, negar-zotinka, erruki-aulkian, eta eliza osoa hasi zen kantuan.

Orduan Gabriel jiratu egin zen, eta konturatu zen gau hartan ongi jardun zuela, Jainkoa beraz baliatu zela.

Agure guztiak irribarrez zeuden, eta haietako batek eskutik heldu zion esanez: Oso ondo egon zara, motel. .

Oso ondo.

Orduan igandea iritsi zen, misioari amaiera eman behar zion afari bikainaren eguna.

Afari hartarako, Debora eta gainerako emakumeek egun asko eman zituzten aldez aurretik gauzak egosten, erretzen, erregosten eta frijitzen.

Deborak esandako hura, alegia bilera osoko predikatzaile onena izan zela, nolabait ordaintzeko, Gabrielek txantxetan esan zion emakumeen artean sukaldaririk onena zela.

Deborak lotsati erantzun zion desabantailan zegoela, berak predikatzaile guztiak entzun zituela, baina Gabrielek ez zuela denbora luzean jan beste inongo emakumek egindako otordurik.

Igandea iritsi zenean eta berriro agureen artean aurkitu zenean, mahairatzeko orduan, Gabrielek nabaritu zuen bere zorioneko itxaropen harroak behera egiten zuela.

Ez zegoen eroso gizon ministro haiekin -hantxe zegoen koxka-, zaila egiten zitzaiolako fede mailan haiek bera baino zaharrago eta hobetzat hartzea.

Izugarri lasaiak iruditzen zitzaizkion, ia-ia profanoak; ez ziren, ez, behialako profetak bezalakoak, Jainkoaren zerbitzuan argal eta biluzi ibiltzen zirenak.

Jainkoaren ministro haiek, aitzitik, gizendu egin ziren, eta arropa aberats eta ugariak zeramatzaten.

Predikatzen hain luzaro ibili ondoren, Jainkoaren aurrean ez ziren jadanik dardarka jartzen.

Jainkoaren indarra berena bailitzen hartzen zuten, beren giro seguru eta berezia kilikagarriagoa egiteko zerbait balitz bezala.